Celedón

Egilea

Isaac Díaz / Marco Ibáñez de Matauco

Pisua eta altuera

8 kg /1,2m

Sortze-urtea

1917

Berritze-urtea

1985

Celedón naiz, izen festazaleena duen buruhandia. Ezer baino lehen, argitu dezagun zerbait: abuztuaren 4an San Migeletik jaisten den gizonak ere Celedón du izena. Eta biok espiritu festazale bera dugu.

Celedón ez baita izen bat bakarrik, sinbolo bat baizik. Lehen jaitsiera baino 40 urte lehenago jaio nintzen, eta Mariano San Miguelen kalejira ospetsua baino zaharragoa ere banaiz.

Arritoin de Arancetak (Angel de Apraiz) eman zidan bizia 1917an. Ordura arte, leihodun eta balkoidun etxe bat nuela besterik ez zen jakiten nitaz. Baina XIX. mendean jada Lautadako gasteiztar askok nire balentriez hitz egiten zuten.

Txano berde bat daramat. Patinete elektrikoko kasko bat dirudi. Baina beti oinez joaten naiz. Nire burua handia da eta koadrodun blusoi bat eramaten dut, zapi gorriarekin. 1917an matela handiak nituen, baina “izotzean” pasa nituen 56 urteek nire itxura aldatu zidaten. Orain ‘Ojo Biriki’-ren antzeko ahoa dut, 1929 eta 1985 artean lanik gabe utzi ninduen buruhandia.

Nire zainetan odol uhartetarra dago. 1985ean berpiztu nintzen Lanzaroten, César Manriqueren lurraldean. Han, Famarako Caletan, Marco Astolfo Ibañez de Matauco gasteiztarraren tailerrean, forma eman ziguten niri eta nire kideei. Gasteizera itzultzeko itsasotik egin genuen bidaia: Lanzarotetik Bilboko porturaino. Orduan 735.000 pezeta (4.417 euro) ordaindu zuen udalak.